Elkarbizitzaren artea

Laugarren oinarria: eskatzen dudana. Ipuin moduan

Ikusi dugu mundua nola pertzibitu eta interpretatzen dugun (pentsatzen dudana), sentitzen duguna gertatzen ari dena baino garrantzitsuago bihurtzen dela batzuetan, eta gure aurreikuspen eta nahiek benetan behar dugunari aurrea hartzen diotela. Horren guztiaren ondoren, ibilbide honen azken urratsa emango dugu: Eskatzen dudanaren, eta hori modu egoki eta koherentean eskatzearen garrantzia.

 

 

Horretarako, Jeanne-Marie Le Prince de Beaumont egilearen “Hiru desioen ipuina” ekarriko dugu (egokitua).

Baziren behin gizon-emakume txiro batzuk, sutondoan, aberatsak izango balira zer egingo zuten ametsetan:
-Nahi dudan guztia eduki ahalko banu, askoz zoriontsuago izango nintzateke.
-Maitagarri bat etorri eta nahi dudan guztia ematea gustatuko litzaidake.
Une horretan, dama bat agertu zitzaien sukaldean, eta honela esan zien:
-Maitagarri bat naiz; desio dituzuen lehenengo hiru gauzak emango dizkizuet; baina kontuz: Hiru gauza horien ostean, ez dizuet besterik emango.
Maitagarria desagertu egin zen, eta oso nahasita geratu ziren. Eskatuko zutenaren inguruan eztabaidatu zuten tarte batez, eta, azkenik, erabaki bat hartu zuten:
-Pentsa dezagun lasai bihar goizera arte zein hiru gauza behar ditugun gehien, eta horiek eskatuko ditugu.
Hitz egiten zuten bitartean, emakumeak sua bizitu zuen matxarda batzuekin. Ikatz nahiko zutela ohartzean, zera esan zuen, pentsatu gabe:
-Su ona daukagu, odoloste bat eduki nahiko nuke, sutan erre eta afaltzeko.
Esaldia bukatu orduko, odoloste bat erori zen tximinian behera.
-Kaka zaharra! -Esan zuen gizonak-; ez da desiorik onena, eta orain bi baino ez zaizkigu geratzen; niri dagokidanez, zuk odolostea sudur-puntan eramatea nahiko nuke.
Bat-batean, gizona bere burugabekeriaz ohartu zen, eta, une horretan, odolosteak emakumearen sudur-puntara salto egin zuen, eta ezin zuen kendu.
-Zein zoritxarrekoa naizen! -Esan zuen – gaiztoa zara odolostea nire sudur-puntan egotea desio izateagatik!
-Ez dut pentsatu hori gerta zitekeenik -esan zuen gizonak- Zer egin dezakegu? Aberastasuna desiratuko dut eta urrezko kutxa bat egingo dizut odolostea estaltzeko.
-Ez, ez dut horrela bizi nahi -esan zuen emakumeak- odolostea lurrera erortzea nahi dut.
Eta, orduan, odolostea erori egin zen. Emakumea bizkorra zen, eta zera esan zuen:
-Maitagarriak adarra jo digu, eta arrazoi osoz. Agian, aberats izanda une honetan garena baino zorigaiztokoago izango ginatekeen. Hobe izango da ezer ez desiratzea, eta gauzak datozen moduan hartzea; bitartean, jan dezagun odolostea, hori baita hori desioetatik geratzen zaiguna.
Gizonak pentsatu zuen arrazoi zuela, eta pozik hartu zuten afaria, zeukatenaz gozatuz, ondokoek zeukatenaren inguruan gehiago pentsatu gabe. Eta ez ziren desio ahal izan zutenaz gehiago kezkatu.

AMAIERA

 

Zenbatetan egiten ditugu behar dugun edo nahi dugunarekin bat ez datozen eskaerak?
Batzuetan, hausnarketarako denborarik hartu gabe, benetan esan nahi ez genituen gauzak esan eta eskatzen ditugu. Batzuetan, “egin nahi duzuna!” Esaten dugunean, “….. egitea nahiko nuke” esan nahi dugu. Batzuetan, “utzi bakean!” esaten dugunean, “besarkada bat behar dut” esaten ari gara, ezkutuan. Gehienetan, zerbait aurpegiratzen ari garenean, estali gabeko beharrizan bat dago sakonean, adierazi gabea. Horregatik da hain garrantzitsua behar duguna bereizten jakitea.
Gogoratzen al duzu benetan esan nahi zenuenaren partez beste gauza bat esan zenuen momenturen bat?

 

Saioa Albizuri Lauzirika

Gestalt terapeuta, aholkularia eta dinamizatzailea.

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.