Elkarbizitzaren artea

Hirugarren oinarria: BEHAR DUDANA. Berehala aplikatzen hasteko ideiak.

Aurreko sarreran (klikatu hemen), “Arrantzale mexikarraren parabola”, ikusten genuen arrantzaleak, bere beharrizanak estalita, bizitzaz gozatzen zuela; aldiz, turistak, bere nahiak asetzeko xedez, bizitzaz gozatzea erretirorako uzten zuen. Beharrizana eta nahia bereizten laguntzeko adibide bat da, eta gure elkarbizitzan lagungarri izan daiteke. Ikus dezagun nola.

Lehenik eta behin, nola bereizi beharrizana eta nahia?

Frustrazioa baino ez bada gertatzen, ez zen beharrizana, nahia baizik. Ez zen “behar dut”, baizik eta “nahi dut”. Ondo dago nahi izatea, baina beharrizan gisa planteatzen badugu, exigentzia maila beste bat da. Adibidez: “zu isiltzea behar dut”. Egia esan, zu isiltzea nahi dut, ez dut “behar”. Ez naiz hilko ez baduzu egiten.
Beharra eta nahia; Nahia eta Beharra. Batzuetan nahastu egin ditzakegu. Familian egiteko jarduera bat proposatzen dizuet: Norbaitek “behar dut” esaten duen bakoitzean, aldatu eta jarri “nahi dut”, ea aldea ikusten duzuen.

Beste adibide bat: “behar zaitut” esaten dugunean. Hil egingo al naiz zu gabe? Ba ez. Hori bai, “asko maite zaitut”. Diferentzia horretaz ohartzea lagungarria da bikote harreman ez posesibo eta mendekotasunik gabekoak izateko, hau da, osasungarriagoak.

Sentitzen dugunak kanpotik behar eta nahi dudanari erantzuten dio gehiago, eta hori lortzeari, besteek egiten dutenari baino. Azalduko dut. Pertsona guztiok ditugu besteen gaineko aurreikuspen batzuk; nola nahi dugun konportatzea, nolakoa nahi dudan nirekin izatea, zer nahi dudan une bakoitzean egitea. Beste pertsonek esan eta egiten dutena ez da nik sentitzen dudanaren kausa. Sentitzen duguna besteek esan eta egiten dutenak gugan daukan eraginaren emaitza da.

 

“Nola? Nik ez dut sentitzen dudana aukeratzen”, pentsa dezakezue. Hala ere, pentsatu izaten dituzun egun on horietako batean… elkarbizitzak hor jarraitzen du, eta gustuko ez dituzun gauzak gertatzen dira. Ez al da egia zure erantzuna desberdina dela, estresatuta zauden edo dena zaila dirudien egun horiekin alderatuta? Horretaz ari gara gauzak hartzeko moduaz ari garenean. Bakoitzaren egoeraren arabera, kanpokoak modu batera edo bestera eragiten digu.

Sentitzen dudanaren arrazoia kanpoan dagoela uste badut, errudunak bilatuko ditut, eta bilaketa horrek komunikazioa, elkarbizitza eta gertutasuna zailduko ditu. Enfrentamendua saihesteko errua nigan uzten badut ere. Erruak ez du elkarbizitzan laguntzen. Pentsatzen dudana eta sentitzen dudana esateak, aldiz, bai. Esaten edo egiten duzun horren gainean gustatzen zaidanaz eta gustatzen ez zaidanaz hitz egitea lagungarria da, zuk jakiteko nola nagoen eta nola egon nahi dudan. Horrela, gustuko duzunaren inguruan interesa izateak zu hobetu ezagutzen lagunduko dit. Hori funtsezkoa da, batez ere, nerabezaroan. Aldaketa asko daude, eta zaila da nahi eta behar dugunaren artean bereiztea. Egoera horietan ohikoa izaten da erantzukizuna kanpoan jartzea. Bata eta bestea bereizi eta adierazten jakiteak bidea errazten du. Nola? Lehenengo helduok eginez. Ikusi nahi dugunaren ispilu eta eredu bihurtuz.

 

Saioa Albizuri Lauzirika
Gestalt terapeuta, aholkularia eta dinamizatzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.