Elkarbizitzaren artea

Bigarren oinarria: sentitzen dudana. Ipuin modulan..

Lehenengo oinarrian (PENTSATZEN DUDANA) NIK IKUSTEN DUDANA eta BESTE PERTSONAK IKUSTEN DUTENA kontrastatu nahi izan dugu. Pentsatzen dugunarekin ditugun zailtasun batzuk ikusi ditugu (interpretazioak, epaiak, errealitatearen distortsioak, eta abar). Bigarren oinarrian, sentitzen dugun horretan jarri nahi dugu arreta.  Emozioek oinarrizko egitekoa dute elkarbizitzan; gure pentsamenduekin batera doaz.

Gertakari horren aurrean, ohikoa izaten da zer gertatu den galdetzea. Nor izan da? Eta erantzun gisa, errua gainetik kendu nahi duenaren aitzakia, azalpen eta justifikazio pila jasotzea. Nahi gabe, elkarrizketa tenis partida moduko batera desbideratzen dugu. Aldeetako bakoitzak nahi duen bakarra da pilota bere teilatuan egotea; eta, horretarako, errua beste alde batera bota nahi izaten da.Bitxia badirudi ere, pertsona batzuk oso trebeak dira erruak kanporatzen; beste batzuek, aldiz, erru guztiak metatzen dituzte.Kontua da, batzuek zein besteek arazoak dituztela gatazkak konpontzeko. Zer gertatu den ulertu, denontzako konponbiderik onena bilatu… hori da errudunak bilatzea baino garrantzitsuagoa. Eta, batzuetan, ahaztu egiten dugu.

Gaur ipuin bat ekarri dugu: “Errua eta Erantzukizuna” Carlos Mascherparen ipuinaren egokitzapena (iturria: http://dendros.cat/cuento-la-culpa-la-responsabilidad/):

 

Errua eta erantzukizuna presaka zebiltzan kaletik, eta izkinara heltzean, bien buruek elkarren aurka talka egiten zuten. Kolpea hain handia izan zen, biei koskorra irten zitzaien.

Erantzukizunak barkamena eskatu zion erruari, eta koskorraren hantura jaisteko izotz bila joatea eskaini zion erruari. Errua hain galduta zegoen emozio eta pentsamendu negatiboen artean, erantzukizunari gertatutakoa aurpegiratzen hasi zen, entzun gabe.

-Egia da oso arin nentorrela- esan zuen erantzukizunak, horregatik eskatu dizut barkamena, eta uste dut izotzarekin lagunduko dizudala, edo, bestela, esan zer egin dezakedan.

Baina erruak ez zuen barkamen-eskaera eta laguntza onartzen, eta bere ardura ere ez zuen gain hartzen, eta zigor batean pentsatzen jarraitu zuen, baina deprimitzen eta paralizatzen hasi zen.

Erantzukizuna izotzarekin bueltatu zen, erruak bekoki gainean jarri zuen, baina hala ere gertatutakoak aurpegiratzen jarraitu zuen, eta espaloiaren kontra ere hasi zen, eta eguraldiaren aurka, eta, azkenean, bere buruaren aurka ere: “baldar hutsa naiz!” Eta, haserre, erantzukizunari galdetu zion:

-Nola ez zara gaizki sentitzen gertatutakoarekin?

-Erantzule naiz eta txarto sentitzen naiz egindakoagatik, baina poza ere hartu dut, akats bat egin dudala onartu dudalako, eta, orduan, konpontzeko aukera daukadalako- erantzun zion erantzukizunak.

-Baina ez duzu uste zigorra jaso beharko zenukeenik?

-Hori egiten badut, nire burua zigortzen dut eta ez dut nire ekintzen ardura hartzen; lortuko dudan bakarra da jendeak egoera baliatzea ni manipulatzeko. Erantzukizuna naiz, nire esku dagoen guztia egiteko prest nago, kritikak jaso arren.

-Ez nago ados!- esan zuen erruak -gauzak konpontzeko modu bakarra errudunak aurkitu eta merezitakoa ematea da.

-Agian zuri irakatsi dizute akatsak egitea babaloreen eta jende kaskarraren gauza dela, eta konponbide bakarra zigorra dela, baina horrek ez du ezer konpontzen.

Erruak sentimendu arraro bat izan zuen. Batetik, errudun sentitu zen erantzukizunari min emateagatik; bestetik, bere modukoa izan nahi izan zuen, baina berehala ohartu zen errua izateko, ez zuela arduratsu izan behar.

-Oso hitz politak, baina, badakizu zer? Ez dut errurik sentitzen gertatutakoagatik. Errudun sentitzen naiz hala ez sentitzeagatik, beraz, utzi ni konbentzitzen saiatzeari eta jarraitu zure bidea, eta “izkina bat gurutzatzen duzun hurrengoan, kontu handiagoz ibili”.

Handik gutxira, izotzari esker, buruetako koskorrak ia sendatuta zituzten. Erantzukizuna pozik joan zen. Aldiz, erruak ispiluan begiratzen zion bere marka txikiari, eta bere tristura handituz joan zen, bere autoestimua txikituz, eta pentsatu zuen erantzukizunagatik ez balitz, ez zuela buruan inolako arrastorik edukiko. Izan ere, errua erantzukizunaren moduan portatuko balitz, ez litzateke errua izango.

 

Noizbait gertatu zaizu elkarrizketa batean zure sentimenduekin itsutzea? Une horietan, ematen du sentitzen duguna dela garrantzitsuena, aurrean daukagun pertsona baino are gehiago.

Jakintsuek beren elefante-zatia soilik zeukaten buruan (klikatu hemen), eta kasu batzuetan ere ematen du gure haserrea, gure tristura, gure kezka dela munduko gauza bakarra. Gertatzen denaren parte bat baino ez dugu ikusten. Ez dugu espaziorik uzten BESTE PERTSONAK SENTITZEN DUENARENTZAKO, KANPOAN GERTATZEN DENARENTZAKO.

Kontrakoa ere egin dezaket, eta sentitzen dudana ahaztu, ZUK SENTITZEN DUZUNARI arreta osoa emateko, gatazka saiheste aldera. Eta epe laburrera funtziona dezake, tentsioak baretzeko. Baina… zein preziotan? Zenbat akumulatu dezakegu? Emozioak ura bezalakoak dira, irteera behar dute, nola edo hala: Komentario txiki kritikoak izan daitezke, sarkastikoak, ironikoak, despektiboak, indiferentziazkoak,… Ezaguna egiten al zaizu?

Zure egunerokoan gertatzen al da horrelakorik? Egiten dugula ikustea, eta gure osasunaren kalterako dela ohartzea da lehenengo urratsa. Hurrengo urratsak apurka-apurka helduko dira. Hurrengo puntuan beste oinarri batzuk aplikatuko ditugu. Bitartean, egin hausnarketa azaldutakoaren inguruan, ea zugan zein egoera identifikatzen dituzun.

Saioa Albizuri Lauzirika

Gestalt terapeuta, aholkularia eta dinamizatzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude