Dakigunez, udako opor luzeen ondoren, ikasturtearen hasiera haur eta nerabeei ez ezik, familiako gainerako kideei ere eragiten dien aldaketa da. Gainera, ikasle batzuentzat estres- eta urduritasun-kausa berezia izan daiteke, bai lehen eskolatzea delako, bai ikastetxez aldatuko direlako. Horrelakoetan, are garrantzitsuagoa da familiaren laguntza.
Hori dela eta, komenigarria da denek ikasturte berria prestatzea eta antolatzea, hobeto egokitzeko.
Jarraian, ikasturte-hasierako aldapa gora arintzeko aholku batzuk proposatzen dizkizuegu:
– Ordutegi berrietara egokitzea. Udan ordutegiak ez dira oso erregularrak. Eguraldi onarekin, beti sortzen dira plan berriak eta bat-batekotasunak eramaten gaitu. Hala ere, haurrek zein helduek gure egunerokotasuna antolatuko duten errutinak behar ditugu. Ildo horretan, komeni da arian-arian egokitzea ikasturte osoan izango ditugun ohitura eta ordutegi berrietara. Horretarako, komenigarria da ikasturtea hasi aurreko egunetan eskoletara joango direnean izango dituzten ordutegiak, goizean esnatzeko ordua, otorduetako ordutegiak eta oheratzekoak simulatzea.
– Segurtasuna eta konfiantza: haurrek ia hiru hilabete eman dituzte ordutegi malguagoekin jolasten eta aisialdiko jarduerak egiten denbora gehienean. Eta ia egun batetik bestera, batez beste, 7 ordu igaroko dituzte eskolan, eta garrantzitsuena dena, amarengandik, aitarengandik edo atxikimendu-figura garrantzitsuarengandik urrun. Hori da aldaketa garrantzitsuenetako bat, eta batzuei kostatzen zaie aldaketa horretara egokitzea. Konfiantza eta segurtasuna transmititu behar dizkiegu gure seme-alabei eskolako lehen egunetik. Garrantzitsua da irribarre batekin agur esatea eta azaltzea laster jasoko dituzuela eta haiek ondo pasatuko dutela ikaskide berriekin. Ez zaitezte ezkutuan joan haiek oharkabe daudela edo agur esan gabe, beldurra edo segurtasunik eza eragin baitiezaieke desagertzen zareten bakoitzean.
– Ikastetxearekiko komunikazioa: familiaren eta ikastetxearen arteko koordinazioa ere oso garrantzitsua da. Hemendik aurrera ordu asko igaroko dituzte irakasleekin, eta haiek dira haurrengan aldaketak edo zailtasunak antzeman ditzaketenak. Horregatik, maiz komunikatzea beti izango da zuen seme-alaben onerako.
– Eskolaz kanpoko jarduerak. Jakina da eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeak onura ugari dakarzkiela gazteei eta ez hain gazteei. Prestakuntza-, kirol- edo jolas-jarduera horiek eskola-errendimenduari eta garapen fisikoari mesede egiten diete. Gainera, sozializazioan eta talde-lanean laguntzen dute, errespetua, tolerantzia eta diziplina bezalako balio garrantzitsuak sustatuz. Beraz, gomendagarria litzateke gure seme-alabekin esertzea eta hitz egitea eta azaltzea zein jardueratara joan nahiko luketen eta gure ustez zein jardueratara joatea komeniko litzaiekeen eta zergatik.
Baina kontuz! Onura ugari izan arren, eskolaz kanpoko gehiegizko jarduera kaltegarria izan daiteke; horregatik, gure seme-alabek zein jardueratan parte hartuko duten adosteko orduan, kontuan izan behar da jarduera horiek ez dutela denbora osoa hartzen. Haurrek aisialdiaz gozatzeko aukera ere izan behar dute, jolasteko, lasaitzeko edo familian denbora pasatzeko.
Eskola-errutinari berrekiteak eta errutina berrietara egokitzeak egokitzapen-aldi bat eskatzen du. Horregatik, goian proposatzen dizkizuegun aholkuez gain, garrantzitsua da garai honetan gure seme-alaben emozioei arreta handiagoa eskaintzea, eta bereziki haien ondoan zaudetela adieraztea, haiek babestuta senti daitezen eta zuekin parteka ditzaten beren zailtasunak.
Ziur dena ondo doala, eta konturatu nahi duzuenerako erabat egokituta daudela eta eskolaz eta ikaskideez gozatzen ari direla.
Animo!