Aurreko puntuan proposatzen genizuen egiten duguna sentitzen dugunarekin behatzea. Nolakoa izan da esperientzia (kiklatu hemen)? Zertaz ohartu zara?
Rafael Bisquerrak, “Educación para la ciudadanía y convivencia. El enfoque de la Educación Emocional” liburuan, ariketa erabilgarri bat proposatu digu orain arte bizitako prozesua ulertzeko. “Sentitu eta pentsatu” dauka izena, eta honakoak bereizten laguntzen du:
• Gustatzen ez zaidan jokabide zehatza, deskribatuta (epairik gabe). Adibidez: Egoeran honetan: “sukaldea batu duzula esan didazu, baina ikusten dut ez dela horrela izan…”
• Sentitzen dudana, jokabide zehatz horren aurrean. Adibidea = Honela sentitzen naiz: “haserre”, “nekatuta”,
• Pentsatzen dudana, gustatzen ez zaidan horretaz barrutik esaten ari naizena. Adibidea = Pentsatzen dudana: “adarra jotzen ari zait, dena nik egin behar dut!”.
• Nire erantzuna gustatzen ez zaidan horren aurrean. Adibidea = Orduan, zer egingo dut?… “nik batuko dut sukaldea purrustaka, tresnekin zarata eginez, argi utziz ez zitzaidala niri tokatzen” edo “esango diot etortzeko eta berehala egiteko”, edo…
Gogoan duzu orain dela gutxi izandako elkarbizitza arazoren bat? Ariketa hau aplikatu ahal zaio?
EGOERA HONETAN:____________________________________________________
Zein da jokabidea, arazoa sortzen dizun hori?
HONELA SENTITZEN NAIZ:_______________________________________________
Nola sentitzen zara?
PENTSATZEN DUDANA:__________________________________________________
Zer pentsatzen duzu? Zer esaten diozu zure buruari?
ORDUAN:____________________________________________________________
Zer egiten duzu? Ez egin behar dela uste duzuna, edo nahi duzuna, baizik eta egiten duzuna.
Gidoi moduko bat ere erabil dezakezu elkarbizitza arazoak konpontzeko. Zerbait gertatzen denean eta gatazka hasten denean:
• Zer gertatu da? Zein da aldeen arteko desadostasuna? Gauza beraz hitz egiten ari gara? Goazen gaika.
• Nola sentitzen da bakoitza gertatutakoarekin?
• Zer pentsatzen du bakoitzak gertatutakoaz?
• Zer lortu nahi du bakoitzak honetatik?
Batzuetan, gatazkatik berehala irten nahi dugu eta ez dugu aukera baliatzen geure burua adierazi eta gertatzen dena argitzeko.
Gaur oinarri batzuk partekatu nahi ditugu komunikazioa argiagoa izateko, eta sentitzen duguna gure alde jartzeko, oztopo izan gabe:
Erruaren eta erantzukizunaren ipuinean bezala (klikatu hemen), lehenengo urratsa egiten dugunaren, sentitzen dugunaren eta pentsatzen dugunaren ardura hartzea da. Horrela, komunikazioa zintzo eta argiagoa da.
Alde biek komunikazio irekia izateko unea, lekua eta modua bilatu. Batzuetan, nire momentua ez da zurea, horregatik, egoera are gehiago konplikatu daiteke; beste batzuetan, jende gehiago dago aurrean, eta hori ez da atsegina.
Batzuetan, ematen du sentitzen dugunaz hitz egiten dugula, baina ez dugu argitasunez egiten, ez hitz egin, ez sentitu. Adibide batzuetan “sentitu” aditza erabiliko genuke:
• “Sentitzen dut jakin behar zenuela”. Benetan sentitzen dudana baino, zerbait aurpegiratzen ari naiz, eta horrek urrundu egiten gaitu.
• “Galtzaile baten moduan sentitzen naiz”. Nola sentitzen da galtzaile bat zure ustez? Erantzuna ematean, sentitzen duzunaz ariko zara. Zertan uste duzu huts egin duzula? Erantzuna ematean, aldatu eta ikasi dezakezun portaeraz hitz egiten ariko zara.
• “Horma batekin biziko banintz bezala sentitzen du”. Zer egiten du beste pertsona horrek zuk hormatzat hartzeko? Lagundu iezaiozu ulertzen eta ikasten.
Sentitzen dugunaren eta geure buruaz uste dugunaren artean bereiztea. Ikus dezagun adibide baten bidez: Garela uste duguna: “Irakasle eskasa naizela sentitzen dut” -> Sentitzen duguna: “Frustratuta sentitzen naiz nire buruarekin, irakasle moduan”
Sentitzen dugunaren eta gainerakoek gutaz pentsatzen dutela uste dugunaren artean bereiztea: “Nitaz paso egiten dutela sentitzen dut”-> Nola sentitzen zara zutaz paso egiten duela uste duzunean? Galdera horri erantzunez, gainerako pertsonek egin dutena nola interpretatzen dugun jakin dezakegu. Gauza bera gertatzen da esaten dugunean ez gaituztela ulertzen, baztertuta sentitzen garela, edo erabilita…
Saioa Albizuri Lauzirika
Gestalt terapeuta, aholkularia eta dinamizatzailea.