Gaur “pentsatzen dudana” oinarria garatzen jarraituko dugu. Gogoan duzu elefantearen eta jakintsu itsuen ipuina? (klikatu hemen). Haietako bakoitzak uste zuen bazekiela nolakoa zen elefantea. Hori gertatzen zaigu guri ere batzuetan; uste dugu badakigula zer gertatu den, edo arrazoi osoa bagenu bezala jokatzen dugu. Gaur alarma txiki bat ezarri nahi dugu gugan, arrazoia dugula konbentzituta gauden horietan aktibatzeko, eta geure buruari galdetzeko: zerk axola dit gehiago, arrazoia izatea, irabaztea; ala pertsonarengana gerturatzea eta berarekin hobeto bizitzea? Gure errealitate eremua defendatzea erabaki dezakegu, arrazoi dugulako (ipuineko jakintsuen moduan) edo erabaki dezakegu, batzuetan, arrazoia edukitzea baino gauza garrantzitsuagoak daudela, esaterako, maite dudan norbaitekin harreman osasungarriagoa izatea. Zer erabakiko duzu? Une batzuetan kontraesanak eta gatazkak izan arren, normala da. Garrantzitsuena erabakia hartzeko aukera planteatzea da.
Gatazka guztietan daude 3 bertsio, gutxienez. Irudian: Alde batek dio “lau” bat dela, eta bere posizioa defendatzen du; beste batek dio “hiru” bat dela, eta bere posizioa defendatzen du; hirugarren posizio batetik uler dezakegu alde biek dutela arrazoiaren zati bat, baina ikuspegi mugatuak ez die errealitate osoa ikusten uzten. Gauza bera ulertzen ari ote zareten konprobatu behar duzue, ikusten duzuena partekatu eta beste pertsona esaten ari den horren aurrean burua ireki, gutxienez, bere ikuspuntua ulertzeko.
Bigarren urratsa da konturatzea egiten dugunak edo egiten ez dugunak jendearengana hurbildu edo haiengandik urrundu egiten gaituela. Komunikazio edo elkarbizitza ona mantentzeko ekintza edo hitz egiteko moduez ohartu zaitezte, baita zailtasunak ekartzen dituzten horiez ere.
Komunikazioa errazten duen gauzetako bat une horretan entzuten eta ikusten ari garena partekatzea da, ez soilik gure interpretazioa.
“Ez duzu zure gela txukundu ” deskribapena da; “Desastre hutsa zara” epai bat da.
Komunikazioa zaildu egiten da honako egoeretan:
Exageratzen dugunean: “inoiz ez zatoz deitzen dizudanean”, “beti zaude zure munduan”.
Adjektibo eta etiketak erabiltzen ditugunean:
“Arazoa da zeurekoi hutsa zarela” Zer ekintza izan da berekoia? Egiten duguna geurekoia da, eta egian errazagoa da entzutea zerbait neurekoia egin dudala, hala naizela onartzea baino.
“Alfer hutsa zara”. Zer ikusi edo entzun duzu horrekin geratzeko? Suposatzen dut zerbait egiteari utzi diodala, egingo nuela esan dudan eta egin ez dudan zerbait, horregatik esaten didazu alferra naizela, nahiz eta horrek ez didan jarrera aldatzen lagunduko. Lagundu ahal didazu, egitea nahi zenuen hori zehaztuz.
Jokabidearen eta ebaluazio edo epaiaren arteko diferentzia markatzea, ikasi egiten da. Nola? Pentsatuko duzu.
Kontua ez da epaiak egiteari uztea. Normala da egitea. Garrantzitsuena da ez nahastea deskribapena eta balorazioa. Horretarako, Marshall Rosenberg-ek, Komunikazio ez biolentoaren ereduaren egileak, bide bat erakutsi digu. Praktika eta konstantzia behar dira. Epaitu gabe behatzea. Bere poema bat jarri dugu adibide gisa; gutako edonork idatzia izan daiteke.
Onartu dezaket zuk esatea
Zer egin dudan eta zer ez.
Eta onartzen dut zuk hori interpretatzea,
Baina, mesedez, ez nahastu biak.
Edozein gai nahastu nahi baduzu,
Nik esango dizut nola egin:
Nahastu nik egiten dudana
Zure erreakzioarekin.
Esan tristatu egiten zaituela
Lanak egin gabe ikusteak,
Baina arduragabea naizela entzuteak
Ez nau motibatuko.
Bai, onartu dezaket zuk esatea
Zer egin dudan eta zer ez.
Eta onartzen dut zuk hori interpretatzea,
Baina, mesedez, ez nahastu biak.
MARSHALL B.ROSENBERG
Saioa Albizuri Lauzirika
Gestalt terapeuta, aholkularia eta dinamizatzailea