Ezin da bizikidetzaren aldeko hautua egin bakardadean!
Ikastetxetako adikzioetako prebentzioan aholkulari modura jorratzen dudan eginkizunean, joan den ikasturtean lehen hezkuntzako nahiz bigarren hezkuntzako irakasleekin bizikidetzarekin lotuta topatzen ari ziren zailtasunei buruz hitz egiteko aukera izan nuen.
Erronkak irakasleek dituzte, baina baita familiek eta, noski, ikasleek ere, baina auzoa, hiria eta, horrenbestez, gizartea ere erronka horren hartzaile dira.
Ez alferrik esaten da “sobera hartzen duenak, gutxi estutzen du”, eta gure ikastetxeetako bizikidetza premisa hori aplikatzeko adibide ona da. Ekintza txikietatik hasi behar da, aktoreen kontzientziak eta ekintzak bustitzen doan itoginaren erritmora.
Modu horretan bizikidetzaren “kultura” eta bizikidetzan aritzeko ekintza prozesu baten ondorio dira, non “egiturek” garrantzia gehiago duten pertsonek baino, azken horien garrantziari muzin egin gabe, izan ere, egiturak gailentzen dira eta horiek baldintzatzen dute gure ikastetxeek hartzen duten norabidea.
Baterako norabide bat izateak, erdiesteko jomuga bat izateak ahaldundu egiten gaitu eta lasaitu, bide horretan bidaideak ditugula sentitzean.
Jakina, egiturez mintzo garenean, ikastetxeko urteko planean bizikidetza txertatzeaz ari gara, bizikidetza-plana modu parte-hartzailean eraikitzeaz hitz egiten ari gara, baina irakasleak eta, batez ere, tutoretza-ekintza koordinatzeaz ere hitz egiten dugu, metodologia kooperatibo eta komunitarioz dihardugu.
Horrenbestez, prozesua bizikidetzari edo eskola-jazarpenaren arazoari buruzko prestakuntza jasotzetik harago doan zerbait da.
Jakina, horrek eginahal nabaria eskatzen du, baina onurak ere halakoak dira, izan ere, bizikidetzaren alde egiten duen ikastetxe bat, prebentzio-ikastetxe bat da, hezkuntza-komunitatea babesten duen ikastetxea da.
Lerro hauek irakurtzen ari den irakasleak pentsa dezake berriro bizikidetzaren inguruan “kea saltzen” ari zaizkiola, eta ikastetxearen egunerokotasunean berriro oso bakarrik sentituko dela.
Ez du arrazoirik falta! Eta hori da, hain zuzen, aholkulari modura jorratu dudan ibilbidean ikusi dudan alderdietako bat. Ikastetxe askotan, guztietan ez bada, irakasleek gauzak hobeto egiteko gogoa dute, bizikidetzaren alde egitekoa, baina beren ikasgelan bakartuta daude, eman “behar” duten ikasgaiak baldintzatuta, talde lana baino gehiago norbanakoaren lana bultzatzen duen egitura batean kokatuta. Eta… bakardadean nekez egingo dugu aurrera bizikidetza-giro baten garapenari so.
Lehenik eta behin, ezinbestekoa da inplikatutako eragile guztien partaidetzazko kultura bat txertatuz (hainbat egituretan jasotzen dena, eskola-kontseiluan edo bizikidetza-batzordean, kasu) hezkuntza-komunitateak babesten duen norabide baten alde egitea, baina harago arakatu eta garatu behar da.
Horrenbestez, esan dezakegu gaur egun ikastetxeak prestakuntza-baliabide oso baliagarriekin hornitzen direla, baina horiek txertatzeko garaian bakarrik uzten direla, errealitatea beren ikastetxera eramateko garaian, bizikidetzaren aldeko apustua gauzatu eta aplikatzean, arrakastan eta porrotean, bakarrik uzten direla.
Eta ez naiz ari, inolaz ere, auzia konpontzera etorriko den “salbatzaile” batez, esparru horretan esperientzia duen profesional batez ari naiz, ikastetxea dinamizatu, bultzatu eta lagunduko duena, batez ere hastapenean, galdera asko eta erantzun gutxi daudenean, eta pixkanaka desagertuz joango dena, ikastetxeak bere kabuz jarduten ikasten duen heinean. Finean…
Ezin da bizikidetzaren aldeko hautua egin bakardadean!