Elkarbizitzaren artea

Laugarren oinarria: eskatzen dudana. Berehala aplikatzen hasteko ideiak.

Nahi duguna eta behar duguna eskatuz, inguruko jendeari ondo datorkigunaren inguruko informazioa ematen ari gara. Eskatzea elkarbizitza osasungarriaren eta gure ongizatearen aldeko apustua egitea da. Maitasun handiagoz trata gaitzaten nahi badugu, eska dezakegu, bai; baina errazagoa izan daiteke guk ere maitasuna eskainiz lortzea.
Horrela, eskatzea eta eskaintzea elkarren osagarri dira. Eta, azken finean, zer dira bizimodua eta harremanak etengabeko emate- eta eskaintze-dinamika bat baino?

 

Gaur, eskaeren inguruko gako batzuk ekarriko ditugu. Gure harremanak sendotzeko baliagarriak izan daitezke:

1- Zer nahi duzu?

Nahi duguna eta behar duguna identifikatzea da lehenengo urratsa. Batzuetan, ez dakigu zer den zehazki nahi duguna, eta nahi ez duguna eskatzen dugu. Eskaera jasotzen duenak ezin izango du asmatu benetan nahi dudanarekin… nik neuk ere ez badakit! Esaterako:

“Ez zaitut egun osoan mugikorrarekin ikusi nahi”

Demagun hori lortzen dugula. Mugikorra utzi du eta bere gelan sartu da, puzzleak egitera edo irakurtzera. Nahi dudana lortu dut?

“Benetan nahi dudana zurekin hitz egitea da, elkarri begiratzea, elkarrekin egotea”.

2.- Nola bete dezake beste pertsona batek zure eskaera?

Beste pertsona horrek burutzeko ekintza zehatzak azaldu. Zenbat eta argiagoa izan eskaera, orduan eta aukera gehiago egongo dira pertsona horrek zuk nahi duzuna betetzeko. Eskaera ez bada argia, zalantzak sortuko dira, eta litekeena da azken emaitza ez izatea zuk buruan zeneukana. Esaterako:

Orokorra: “Nire iritzia kontuan hartzea nahit dut”

Eskaera hau jasota, zer egingo duzu, zehazki? Konplikatua da jakitea, ezta?

Zehatza: “Plan bat onartu aurretik, nirekin kontsultatzea nahi dut, ea ahal dudan ala ez. Larunbat honetan geratuta nengoen”.

3.- Eskatzea ez da exigitzea:

Hitz egin lehenengo pertsonan (Nik nahi dut, nik sentitzen dut…), zure sentimenduak adieraziz, zuk nahi duzuna, gertatzen zaizuna. Eskatzeak ez du esan nahi ziur lortuko duzunik. Agerikoa ematen du, baina, batzuetan, eskatu egiten dugu, eta ez dugu kontuan hartzen erantzuna ezezkoa izan daitekeela.

Exigitzen ari zaizkizula nabaritzen duzunean, zer egiten duzu eta nola sentitzen zara?

Ematen du bi aukera hauek dituzula: obeditzea, edo aurka egitea, baina normalean ez dugu arduraz jokatzen eta hurrengorako ikasten. Txiki zein nagusiak izan, berdin gertatzen zaigu. Beraz, behatu behar dugu nola erantzuten dugun guk ondoen, eta besteek ere nola erantzuten duten ondoen.

Exigentzia tonua erraz atzematen dugu besteengan. Gure buruaz ari bagara, lagungarria izan daiteke gure pentsamenduei erreparatzea. “Nik esaten dudana egin beharko luke”, “Errekonozimendua merezi dut”, eta estilo horretako pentsamenduekin topo egiten badugu, besteak epaitzeko bidea irekitzen ari gara. Ezezkoa jasotzeak ez du esan nahi bazter utzi gaituztenik. Ezezkoak jasotzea eman eta eskatzearen arteko orekaren parte da.

Saioa Albizuri Lauzirika
Gestalt Terapeuta, aholkularia eta dinamizatzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude