Elkarbizitzaren artea.

Lehenengo oinarria: Pentsatzen dudana. Ipuin moduan...

Aurrekoan esan genuen moduan, komunikatzen garenean gerta daitezkeen gauzetako batzuk ikasten joango gara, egon daitezkeen zailtasunetan zentratuta. Zailtasun horiek pertsonaren araberakoak izango dira, beraz, gai batzuk berriak izango dira zuretzako, beste batzuek ikusaraziko dizute egiten duzuna lagungarria dela, eta beste batzuk jakinak izango dira. Hartu erabilgarri zaizuna.

Gaur lehen urratsarekin hasiko gara, “pentsatzen dudana” izenekoa. Hasteko, ipuin bat ekarri dizuegu: “6 JAKINTSU ITSUAK ETA ELEFANTEA” Indiako ipuin herrikoia da, ustez, Rumi izeneko sufi batek sortua, XIII. Mendean.

(Bideoan ikusi nahi baduzue: https://www.youtube.com/watch?v=iKEkwMR8cFQ)

“Sei hindu jakintsuk, ikertzaileak denak, jakin nahi izan zuten zer zen elefante bat. Itsuak ziren, beraz, ukimenaren bidez egitea erabaki zuten.
Elefantearen ondora heldu zen lehenak, bere bizkar zabal eta gogorra ukitu zuen, eta esan zuen: «Hara, horma baten modukoa da».

Bigarrenak, bere letagina ukitu, eta esan zuen: «Hau laua, borobildua eta punta zorrotzekoa da, beraz, elefantea lantza baten modukoa da».

Hirugarrenak tronpa bihurritua ukitu eta esan zuen: «Ene bada! Elefantea suge baten modukoa da».

Laugarrenak eskua belaunera arte luzatu zuen, tornua ukitu, eta esan zuen: «Argi dago, elefantea zuhaitz baten modukoa da».

Bosgarrenak belarri bat ukitu, eta esan zuen: «Itsu guztietan itsuena ere ohartuko litzateke elefantea abaniko baten modukoa dela».

Seigarrenak buztana ukitu zion, eta esan zuen: «Elefantea soka baten oso antzekoa da».

Eta, horrela, jakintsuek luze eztabaidatu zuten, bakoitza bere iritziarekin tematuta, eta bakoitza bere erara zuzen egon arren, denak zeuden oker.”

Gertatu zaizu inoiz, norbaiten aurrean zure interpretazioa defendatzea, beste pertsona ere bere interpretazioa defendatzen ari zen bitartean?

Kontuan izaten al duzu egoerak beste era batera ikusteko aukera?

Batzuetan, etxean, denok elkar ezagutzen dugunez, pentsatzen dugu beti berdin erreakzionatu behar dugula, eta ez dugu aldaketarako aukerarik ematen. Nola izango litzateke begi berriekin begiratzea? Egun batez rolak edo funtzioak aldatzea, arauak aldatzea…

Zer gehiago bururatzen zaizu elkarri espazio gehiago emateko?

 Saioa Albizuri Lauzirika

Gestalt terapeuta, aholkularia eta dinamizatzailea.

1 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude