Bederatzi hilabete daramazue zain, eta dagoeneko hemen dago.
Ziurrenik denbora guzti hau haurren zaintza eta beharren gaineko liburu eta informazio ugari irakurtzen eman duzue, eta hala ere egoera berri honek izutzen zaituzte. Lasai, normala da. Zuen bizitza erabat aldatuko duen garai berri baten hasieran zaudete, eta horri aurre egiteak askotan ziurgabetasuna eta ezezagunari beldurra dakar. Posible da hazkuntzaren erantzukizunaren pisu handia ere sentitzea, familiako kide berriaren beharrak ulertzen jakitearena. Titia edo biberoia emateko maiztasunaren gaineko galderak egingo dizkiozue zuen buruari, hainbeste lo egitea normala den, egunero bainatu behar duzuen, bero edo hotz izango den… Asko dira sortzen diren zalantzak, eta asko dira alternatibak eta hazkuntza moduak. Ziurrenik inguratzen zaituzten guztiek aholkuak emango dizkizuete, batzuk esperientziatik eta beste batzuk agian ezagutza ezatik, baina asmo onarekin. Egia da batzuei funtzionatzen zaiena besteei ez, eta ez dagoela formula magikorik. Onena prozesu honetan laguntzen ari diren profesionalei kasu egitea da, emagina, familia medikua, pediatra… eta zuen senean konfiantza izan zuren hazkuntza estilo propioa eraikitzeko.
Amatasun/aitatasuna, bikotean edo bakarrik, garai ederra da, eta oso hunkigarria, baina aldi berean erronka ugari ditu. Epealdi honetan gehiena haurraren zaintzan oinarritzen da, batzuetan zuen behar propioak ere ahaztuz. Egun batetik bestera ohiturak, ordutegiak, usadioak aldatuko dira, lehen zenituzten errutina batzuk galduko dituzue, zuentzat zenuten denbora gutxiago izango duzue… Eskerrak haurrek une zoragarriak ere eskaintzen dizkigutela! Baina une eder horiez gain, intseguritate eta zalantzaz betetako egoera berri honek, atseden faltarekin batera, tentsio edo desadostasun egoerak sor ditzake bikotearekin edo maite ditugunekin. Horregatik, garrantzitsua da haurra zaintzeaz gain zuen burua ere zaintzea. Gogoratu, zuen burua zaintzea haurra zaintzea ere bada.