Sexualitatea gizabanakoari datxekion berezko ezaugarria da jaiotzatik, eta dimentsio horrek garrantzia berezia hartuko du pubertaroan beraz, gure seme-alabak sexudunak dira eta hori oinarri hartuta egingo dugu formakuntza hau.
Sexuatze prozesua, gizaki sexudun gisa eraikitzeko prozesua, dinamiko eta aldakorra da eta modu biografikoan emango da, bakarra eta errepikaezina izanik, bizitza osoan zehar. Txikitandik beraien burua ezagutu, onartu eta modu egokian azaltzeko gaitasuna landuz joango dira eta pubertaroan garapen honen garai bereziki garrantzitsua emango da, modu honetan bere gorputza eta emozioak ulertu eta besteekin harreman positiboak sortzen lagunduko dien autoestimu sendoa osatuz joango dira. Familia, prozesu honetan zehar, bidelagun izatea beharrezkoa da eta horretarako gure formakuntza ezinbestekoa da. Pertsona guztiok sexuen hezkuntza egiten dugu (balioak igorriz, jarreren bidez,…), nahiz eta askotan egiten ari garela konturatzen ez garen edo nola egin ez dakigun; beraiekin komunikatzea zailagoa izan daiteke garai honetan. Horregatik, hain garrantzitsua da neska eta mutilen hezkuntzan ari garenok transmititzen ditugun balio, estereotipo, aurreiritzi eta jarreren inguruko hausnarketa egitea.
Saio honetan Sexualitatearen oinarrizko kontzeptuak, honen inguruko hausnarketa eta hainbat baliabide partekatuko ditugu, familiek berauen nerabeen ezaugarriak, beharrak eta interesak kontuan hartuz hezten laguntzeko.
Data: 2024/03/06.
Ordutegia: 11:00etatik-13:00etara edo 17:00etatik-19:00etara.
Hizlaria: Maider García de Vicuña.
Irudia hemendik hartuta <a href=”https://www.freepik.es/foto-gratis/jovenes-amigos-parque_3274212.htm#query=adolescentes&position=1&from_view=search&track=sph”>Imagen de rawpixel.com</a> en Freepik