Duela hilabete inguru, Castellon probintziako gazte bat bideo-jokoekiko mendekotasunagatik ospitalizatu behar izan zutela jakin genuen (ikusi berria).
Albistea larria izan arren, kasu hauek ez dira hain ohikoak, bideo-jokoetan jolasten duten haur edo nerabe gehienek ez baitute mendekotasuna. Hala ere, komeni da zuen seme-alaba zailtasunak izaten ari dela adieraz dezaketen seinaleei adi egotea eta horren inguruan ohitura ez-osasungarriak prebenitzeko jarraibide batzuk praktikan jartzea.
Hona hemen seinale batzuk:
– Etxean geratzea nahiago izateko joera. Kalean planak egin beharrean, etxean edota logelan denbora gehiago igarotzen hasten dira pixkanaka. Lehen gozatzen zituzten beste jarduera batzuetan interesa izateari utzi eta bideo-jokoetara murrizten dute aisialdia.
– Gizarte-elkarreraginak murriztea. Haien gizarte-harremanak mugatu egiten dira eta pixkanaka jolasaren bidez ematen direnetara mugatzen dira.
– Jolasteari uzteko zailtasuna. Haserre izugarria erakuts dezakete, baita oldarkortasuna ere, jolasteari uzteko eskatzen zaienean. Era berean, suminkor, irrikatsu edo triste egon daitezke jolasten uzten ez zaienean edo denbora asko pasatzen dutenean jolastu gabe.
– Ordutegiak desantolatzea. Gazteek orduak eta orduak jolasten emateko eginak daude bideo-jokoak. Horrek denboraren nozioa galtzea eta eskolaz kanpoko beste jarduera batzuetara joateaz edo elikatzeaz ere ahaztea ekar diezaieke. Loak ere kalte handia jaso dezake, gau osoa eman ahal baitezakete konektatuta jolasten.
– Beste eremu batzuei eragitea. Baliteke atseden faltagatik bizitzako beste arlo batzuk kaltetzea. Adibidez, erraza da haien egoera akademikoak okerrera egitea, denbora gehiena jolasean emango baitute, eskolako lanak alde batera utzita. Komunikazioa eta familia-harremanak okertu egiten dira, eta hasieran esan bezala, gizarte-harremanak ere kaltetu egiten dira, gero eta isolatuago baitaude.
Kontuan izan behar da bideo-jokoak berez ez direla kaltegarriak, horiek kontrolik gabe erabiltzea da haurren eta nerabeen bizitzan desordena larria eragin dezakeena. Baina horrelako egoerei aurrea hartzeko gurasoek asko egin dezakezue. Lehenik eta behin, ulertu behar da oraindik ez dutela helduek bezain garatuta beren burua erregulatzeko gaitasuna, eta horretarako zaudete zuek, ikaskuntza horretan laguntzeko, etorkizunean horri buruzko erabaki hobeak har ditzaten.
Ezinbestekoa da adi egotea nola erabiltzen dituzten bideo-jokoak ikusteko, eta etengabe gainbegiratzea.
Jarraian, kontuan hartu beharreko zenbait gauza proposatzen dizkizuegu:
– Denbora mugatzea. Hau da alderdi nagusietako bat. Arau argi bat egon behar da jolasean eman dezaketen denborari dagokionez, eta denbora hori beti izan behar da beren erantzukizunak bete ondoren (etxeko lanak, logela jasotzea). Astegunetan denbora laburragoa eman daiteke eskolako zereginetan arreta jartzeko, eta zertxobait luzeagoa asteburuetan, denbora libre gehiago dutenean. Arau hori betetzen laguntzeko zuen seme-alabak erabakian inplika ditzakezue, beren ikuspuntua eman dezaten eta haiekin batera akordioak lortu ditzazuen.
– Akordioaren hausturaren aurrean ondorioak ezartzea. Ezarritako akordioa hausteak egintzarekin lotutako ondorio egokia ekarri behar die. Adibidez, gaur ordu erdi gehiago jokatu badu, bihar ordu erdi gutxiago jokatuko du. Ez du ezertarako balio “hilabete osoan zigortzea jolastu gabe” bezalako neurrigabeko ondorio bat ezartzea, gero ezingo badiogu eutsi eta amore ematen badugu.
– Jolasa leku komunetan. Jolasa etxeko eremu komun batean ezartzeak ikuskapena errazten du. Horrela, parte hartzen duten joko mota, beste jokalari batzuekin duten komunikazioa, jokoaren barruan mugarrien bat irabazten edo lortzen dutenean, bai eta galtzen dutenean ere izaten dituzten erreakzioak ikusi ahal izango dituzue.
– Interesa erakustea. Gustuko duten jolas motak, arauak, pertsonaiak… ezagutzeko interesa adierazten baduzue, zuen seme-alaben interesak hobeto ezagutzen eta aldi berean, haiekin komunikatzeko bide bat irekitzen lagun diezazueke. Gainera, ezinbestekoa da eskura dituzte eduki-motak ezagutzea; izan ere, batzuetan gehiegizko indarkeria edo helduentzako edukiak edo publizitatea egon daiteke.
– Aisialdirako aukera eskaintzea. Bestelako jarduerak sustatzea funtsezkoa da gehiegizko erabilerarako joera hausteko. Bideo-jokoak oso erraz eskura daitezke, klik bakarrera daude eta oso plangintza eta ahalegin txikia eskatzen dute; beraz, erraza da haietara jotzea. Gustuko duten beste jardueraren bat eskaintzeak eta haiekin partekatzeak beste aukera bat ematen die aisialdirako.
Gogoan izan, ez dela debekatzeko kontua, erabilera arautzekoa baizik.
Nolanahi ere, bideo-jokoek zuen seme-alaben bizitzan eragina izan dezaketela hautematen baduzue, zein edukitara sartzen diren edo ematen duten denborak kezkatzen bazaituzte, gure zerbitzuarekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaituztegu. Egoera baloratu eta irtenbideak aurkitzeko aholkuak eman ahal izango dizkizuegu.