Hemen bukatzen da elkarbizitzaren arteari buruzko sarrera sorta. Komunikazioa, pentsamenduen eta sentimenduen birziklatzeari buruzko aspektuak errebisatu ditugu, nahiak eta beharrizanak bereizi ditugu, eta benetan nahi duguna eskatzeko gai izateko oinarri batzuk ikasi ditugu.
Zuen burua eta ingurukoak behatzera gonbidatu zaituztegu. Gaur beste gonbidapen bat ere egin nahi dizuegu: ondokoekin zein geure buruarekin enpatiaz jokatzea. Izan ere, batzuetan oso gogorrak gara geure buruarekin, eta gainerakoak ere oso zorrotz epaitzen ditugu. Eta bitxia da, izan ere, nork nahi du bizi hain gogor tratatzen duen norbaitekin? Elkarrekin gaude egunez egun, beraz… hobe enpatiaz tratatzea eta ulerkorrak izatea; ezta?
Gaiari bukaera emateko, opari txiki bat: “HAU ERE PASAKO DA” ipuina. (Bideoa: klikatu hemen)
“Kondairak dioenez, errege batek eraztun berezi bat eskatu zien bere gorteko jakintsuei:
-Eraztun berezi bat egin dezazuen nahi dut; desesperazio momentuetan lagungarria izango zaidan mezu bat eduki behar du ezkutuan. Mezua oso laburra izan behar da, inskripzioa egin ahal izateko.
Jakintsu haiek tratatu handiak idatziak zituzten, baina ez zekiten nola adierazi bizpahiru hitzetan momentu txar batean egoerari buelta emateko moduko mezua.
Erregearen zerbitzari zahar batek zera esan zion:
-Ni ez naiz jakintsua, baina ezagutzen dut bila ari zaren mezua; jakintsu batek nirekin partekatu zuen aspaldi-.
Gizonak hiru hitz idatzi zituen paper batean, tolestu egin zuen eta erregeari eman zion, hau esanez: “Ez irakurri, ezkutatu eraztunean. Ireki soilik denak huts egin duela eta irtenbiderik aurkitzen ez duzula sentitzen duzunean”.
Eta egun hori heldu zen: herrialdea inbaditu egin zuten eta erregeak zaldiz ihes egin behar izan zuen bizia salbatzeko, etsaiak atzetik zituela. Bidea amaitzen zen leku batera heldu zen, amildegi baten ertzera. Orduan, eraztunaz oroitu zen. Ireki zuen, papera atera eta honako mezua irakurri zuen: “Hau ere pasako da”.
Esaldia irakurri bitartean, etsaiak basoan galdu ziren, nahastu egin baitziren, eta laster utzi zion zaldi-hotsa entzuteari. Sustoa pasata, erregeak bere gudariak bildu zituen eta erreinua berriro hartu zuen.
Hiriburuan ospakizun handia egon zen, hainbat egunez. Erregeak zerbitzari zaharrari eskerrak eman zizkion jakituria handiko mezuagatik. Esan zion hitz haiek lagungarri izan zitzaizkiola, irakurtzen zituen bitartean etsaiek beren posizioa galdu zutelako, eta dena galduta zegoela uste zuenean ez zuelako bere burua amildegitik bota.
Agureak irribarre egin zuen, erregearen alaitasuna ulertuz, eta esan zion:
-Orain begiratu berriro mezua.
Erregeak sorpresa aurpegia jarri zuen, ez zuelako ulertzen zertan laguntzen zion une hartan mezua ikusteak, baina zerbitzariak zera azaldu zion: “Ez da soilik desesperazio egoeretarako, une atseginetarako ere bada. Ez da soilik galdu duzunerako, irabazten duzunerako ere bada. Ez da soilik azkena zarenerako, lehena zarenerako ere bada”.
Erregeak eraztuna ireki eta mezua irakurri zuen: “Hau ere pasako da”. Orduan ulertu zuen hitz haien sakontasuna.
Gogoratu dena dela zirkunstantziala -esan zion zerbitzariak- soilik zu zaude beti.
“HAU ERE PASAKO DA”
Elkarbizitza polita izan!
Saioa Albizuri Lauzirika
Gestalt Terapeuta, aholkularia, dinamizatzailea