Helduok ere sentitzen dugu

Helduok karga handia daukagu egunotan: lana, haurrak, geure emozioen kudeaketa… eta hori guztia oreka galdu gabe, etxeko bizimodua lasaitasunez eramateko. Horregatik, garrantzitsua da norberarentzako tarteak edukitzea; musika entzuteko, gelan bakarrik lasai egoteko… deskonektatzen eta lasaitzen laguntzen duen edozer, aurrera jarraitzeko pilak kargatzeko. Geure burua zaindu behar dugu. Ondokoak ondo egoteko, guk ondo egon behar dugu.
Egun tristeak egon daitezke; batzuetan, metatutako nekea kanpora irten daiteke, baina ez kezkatu. Hori ere pasako da. Ekaitza inoiz ez da betirako izaten, eta emozioak ere aldatzen doaz; datozenean onartu egin behar ditugu, eta gero joaten utzi.
Senideekin zuen nekeaz, tristuraz edo sentitzen duzuenaz hitz egin dezakezue. Horrela, txikiek hobeto ulertuko dute emozio horiek bizitzaren parte direla, eta ez direla ezkutatu behar.
Garrantzitsua da gure txikiek ikustea helduek egoera konplikatuak bizi ditugula; batzuetan beldurra, tristura edo amorrua sentitzen ditugula, baina emozio horiek atera eta gero poza eta lasaitasunarekin konektatu daitekeela. Garrantzitsuena ez da ez sentitzea, baizik eta sentitzea, eta emozioak ez zaitzala eraman.
Egunotan gure umeekin egoteko, hitz egiteko, partekatzeko eta presente egoteko aukera daukagu.
Gozatu eta bizi dezagun. Hau ere pasako da, eta erritmo frenetikora itzuliko gara berriz.
Edo agian ez… agian hau aukera bat izango da hemendik aurrera bizitza lasaiago hartzeko eta kontzienteago izateko. Ea horrela den!

Gurutze Díez Rodrigo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude