Garai honi lehenengo haurtzaroa edo haurtzaro goiztiarra deritzo.
Adin honetan umeek aurrerapen handiak egiten dituzte euren gaitasun motoreetan eta horien koordinazioan. Horrek, arintasun handiagoz ibiltzeko, korrika egiteko, jauzi, dantza egiteko…. aukera emango die. Aldi berean, eskuekin objektuak maneiatzeko gaitasuna hobetzen da, pilota botatzea, margoak hartzea, zirriborratzea… bezalako mugimenduak zehaztasun handiagoz egiten. Mugimenduetan duten goraka doan autonomia honek, ikasteko, esploratzeko eta inguruarekin esperimentatzeko interes honek zaintzaileetatik banatu eta euren kuriositate sakona asetzera darama.
Euren garapen fisikoa etengabe doa aurrera, eta gorputzak forma lirainagoa hartzen du. Era berean, bere giharrak garatzen doaz eta indarra hartzen doa. Horrek, euren gorputza menderatzea eta mugimenduak hobetzeko aukera emango die.
Ingurua miatzeaz gain, haurrak ikusten dituen benetako egoerak imitatuz ikasten du. Imitazio joko horren bidez inguratzen dituen errealitatea eta helduen jokamoldeak ikasten doaz. Garai honetan hizkuntzak duen papera oinarrizkoa da, joko hauei aberastasun handiagoa ematen dielako eta kontzeptuak ezartzen laguntzen duelako.
Hizkuntzari dagokionez, aurrerapen handiak ematen diren epealdia da. Batetik, besteekiko interakzioan erabiltzen duten hizkuntza soziala dago. Horren bidez, komunikatzen dira eta azkartasunez ikasten dute hiztegia. Esaldiak motzak eta sinpleak dira oraindik, baina pixkanaka konplexuagoak egingo dituzte. Gain-erregularizazio akatsak izan ohi dituzte, baina hizkuntza garapen normal baten parte dira. 4 edo 5 urte dituztenean, esaldi luze eta konplexuagoak egiten doaz, ahoskera hobetuz eta hiztegia are gehiago zabalduz. Bestalde, gure seme-alabak bakarrik ozen hitz egiten topatzeak ez gaitu harritu behar. Horri hizkera pribatua deritzo eta euren ekintzak erregulatzen eta mugimenduetan kontrola irabazten laguntzen die.
Garai honetan ume askori idazketa interesatzen hasten zaie. Hasieran, jolas baten parte da, jarduera dibertigarri bat. Bere izena idazteko lehenengo saiakerekin hasten da eta pixkanaka idazteko interes hori handitzen doa ama edo aita edo euren anai-arreba edo lagunen izenak idazten. Modu honetan, hitz eta hizkiekin jolasten hasten dira, pixkanaka. 5 edo 6 urte dituztenean, irakurketaren gaineko interesa hazten doa. Kartel eta liburuetan hitzak ezagutzen hasten dira.
Asko dira garai honetan euren garapen emozionalean esperimentatutako aldaketak. Inguruarekin eta beste pertsonekin interakzioa handitzen doa eta horrek emozio berri eta konplexuak esperimentatzera daramatza.
Aurrerago, alderdi bakoitzean sakontzen joango gara. Ikus dezakezuenez, asko dira garapenaren garai honetan ematen diren aurrerapenak. Garrantzitsua da gurasoek ikasketa prozesu honetan laguntzea, euren gaitasunen garapen osoan estimulatuz.